IRAKLI KOBAKHIDZE GEORGIAR BURUZAGI POLITIKO KARISMATIKOA BISITAN GERNIKAKO BATZAR ETXEAN

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek, gehiengo politikoa dauen “Amets Georgiarra” alderdiko presidente eta Kaukasoko herrialdeko Konstituzinoaren “gurasoetako” bat hartu dabe gaur arratsaldean.


(Gernikan, 2023ko urtarrilaren 30ean). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Irakli Kobakhidze Georgiako buruzagi politikoa hartu dau gaur arratsaldean Gernikako Batzar Etxean. Kaukasoko buruzagiaren bisitea ohore guztiakaz egin da; izan be, herrialde haretako parlamentuan gehiengoa dauen “Amets Georgiarra” alderdiko politikaria, Georgiako Konstituzino barriaren gurasoetako bat da. Herrialde horrek aspalditik ditu hartu-emon politikoak eta kulturalak Euskadigaz.

Irakli Kobakhidze Nazinoarteko Sabino Arana Sariaren irabazlea izan da aurton, Georgian demokrazia eta oparotasun maila handiagoak lortzen egindako lanagaitik. Kobakhidze Europa hego-ekialdeko errepublika demokratiko horretan gobernetan dauen alderdiaren buru da, eta Georgiako figura politiko handienetakoa, 1991n SESBetik independentzia lortu ebanetik. Hainbat kargu instituzional ditu, besteak beste, Georgiako Parlamentuko Presidentea. 

Gernikara egin dauen bisitea maila goreneko agenda politiko eta instituzionalaren barruan dago. Bisita horren barruan, gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariagaz eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteagaz egon da, atzo Sabino Arana Saria jaso ostean. 
 
Bidaia pentsau zanetik bertatik, Kobakhidzek interes handia erakutsi eban Gernikako Batzar Etxea eta, batez be, Gernikako Arbolea bisitetako, bakearen eta bizikidetzaren ikur unibersala dalako, Ukrainako gerrak edo Errusiak Georgiako lurraldeak inbaditu izanak markautako garaiotan. 
 
Georgiako liderrak, Batzar Nagusietako lehendakariagaz batera, Batzar Etxeko egoitza nagusiak bisitau ditu. Otaduik Bizkaiko Batzar Nagusietako sarreran hartu dau Georgiako agintari politikoa. Txistulari baten soinuak gidau dau segizioa Batzar Etxearen kanpoaldetik, Arbola Zaharrean eta Gernikako Arbolan geldialdiak eginez, bertan, dantzari bikote batek ohorezko “aurreskua” dantzatu deutso konbidauari. Harrera ofizial batean ohikoa dan lez, bisitea Gernikako Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatuta amaitu da.