2023KO BIZKAIKO AURREKONTUETAKO HAMAR EUROTIK LAU GIZARTE-EKINTZARA BIDERATUKO DIRA

  • Sergio Murillok zuzentzen dauen sailaren aurrekontua % 4,35 haziko da, 625,6 milioi eurora heldu arte.
     
  • Gizarte Ekintzak iraupen luzeko zainketetarako trantsizinoa indartuko dau, Next Generation funtsetatik ia 18 milioi jasota.
     
  • Gaur, Gizarte Ekintzako, Euskara, Kultura eta Kiroleko, eta Enplegua, Gizarte inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko sailetako foru-arduradunek aurrekontuak azalduko ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean.


(Bilbon, 2021eko zemendiaren 9an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dan Aurrekontuen inguruko informazino batzordeetako batean azaldu dauenez, bere sailak 625,6 milioi euro izango ditu 2023an programak gauzatzeko. Urte honegaz alderatuta, % 4,35eko hazkundea izango dau, hau da, 26 milioi euro gehiago. Kontu horreek Aldundiaren eskura dagoan guztiaren % 41 dira, eta adinekoei, desgaitasunen bat daukienei eta babesbakotasun-egoeran dagozan adinbakoei emoten jaken arretea indartzeko balioko dabe. 

Murillok azaldu dauenez, GUFEk 140 milioiko aurrekontua izango dau. “Gehikuntzaren erdia baino gehiago, 14 milioi”, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen kudeaketa zuzenera dago bideratuta. Horreetatik, ia 78 milioi beharginen gastuetarako izango dira, “6 profesional gehiago, 887 persona guztira, izango dituan lan-talderako, azken hamar urteetako kopururik handiena”, nabarmendu dauenez. GUFEren aurrekontuan, Elorrioko eta Leioako zentroak bizikidetza-unidade bihurtzeko 5,7 milioi euroko partidea be sartzen da. Ganera, bigarren zentro horretan, Uriberako Erreferentziazko Eskualde Zentro barria hartzeko pausuak emongo dira.

Beste alde batetik, Sailaren gastuen heren batek adinekoen beharrak estalduko ditu, 212 milioi euroko aurrekontuagaz, % 2,18 gehiago. Zenbateko horren erdia baino gehiago (113,3 milioi euro) egoitza-zentroetarako gordeko da, bizikidetza-unidadeak barru hartuta eta itundutako plazak 3.125era heldu arte handituta.

Ezgaitasunari jagokonez, Murillok zuzentzen dauen sailak 81,7 milioi euro izango ditu, % 5,53ko igoerea aurtengo aurrekontuagaz alderatuta, eta horrek persona horreen babes-sarea zabaltzeko balioko dau. Ezinduentzako eta euren familientzako egoitza- eta eguneko arreta-baliabideak ugaritu egin dira, eta aurton martxan jarri diran zerbitzuak be urteko partidaren barruan sartu dira.

Umeak Zaintzeko programak 9.815.000 euro izango ditu, eta babesbakotasun-egoeran dagozan adinbakoak artatzeko GUFEren aurrekontuko 48 milioi eurogaz osatuko da. 3,9 milioi gehiago dira, eta helburua, besteak beste, portaera-arazoak dituen nerabeen harrereari konponbidea emotea da.

Mendekotasunerako prestazino eta diru-laguntzen programaren aurrekontua 105.754.000 eurokoa da. Kapitulu horretan, 72 milioi euro emongo jakoz familia-inguruneko zainketetarako prestazinoari (PECEF). PECEFen onuradun diran eta mendekotasun-egoeran dagozanen zaintzaileen arnasaldirako 1,14 milioi euroko zuzkidurea nabarmendu behar da. Orain dala gitxi arnasaldi hori 30 egunera arte luzatu da.

Laburbilduz, aurrekontu horrek “laguntza personalizau gehiago eta hobeak eregiten jarraitu gura dau” personentzat, EtxeTIC zentro barriakaz, Erreferentziazko Eskualde-zentroakaz, bizikidetza-unidadeetarako egoitzakaz eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen funtsezko betekizunagaz”. Bide horretan, Murillok nabarmendu dauenez, EBk “17.980.000 euroko” ekarpena egin dau Next Generation funtsen bidez, iraupen luzeko zainketen trantsizino-plana bultzatzeko.

Diru-sarrerei jagokenez, datorren urteko kontuen arabera, Gizarte Ekintzak 96.629.000 euro jasoko ditu, gehienak beste administrazino batzuakaz egindako hitzarmen soziosanitarioen kontzeptuan eta, batez be, egoitzako plaza publiko bakotxeko ordainsariengaitik. 2023an tasa eta prezio publikoen igoerea “hutsa” izango da.

 

71,9 MILIOI KULTURA, KIROL ETA EUSKERARAKO

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak Bizkaiko 2023ko Aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko bigarren jardunaldiari hasierea emon deutso gaur. Bere sailari jagokonez, 71,9 miloi euro izango ditu bere eskumeneko programak diruz ordaintzeko, aurton baino bederatzi milioi euro gehiago. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko sailaren ostean, bere aurrekontua izango da gehien haziko dana 2022koaren aldean, % 14,3a. 

Pandemiak baldintzatutako aurreko aurrekontuen ostean, “gizarte elebidunagoa” lortzeko, eta “partaidetza eta dinamismo handiagoa” dauen gizarte-ehuna eratzeko baliabideetan inbertidutea da Aldundiaren asmoa, bai eta “kultur eta kirol talentua sustatzeko be”, Bilbaok nabarmendu dauenez. Hiru jarduketa-esparruetan –euskerea, kultura eta kirola– partaidetzarako foro barriak aktibauko dira.

Ildo estrategikoen artean, Aldundiak euskerearen erabilerea areagotu gura dau gizartean. Euskerea sustatzeko partidea 7.871.000 eurokoa izango da. Partida horretan euskerazko sorkuntzaren arloan 280.000 euroko laguntza-lerro barria sartzen da, publiko heterogeneoagoarengana heltzeko.

Aurrekontuaren erdia baino gehiago –45,2 milioi– kultura sustatzera bideratuko da. Partida handi bi nabarmentzen dira hor: 19,3 milioi Bizkaiko museoen sarerako eta 20,5 milioi kultur jarduerea sustatzeko. Barritasun lez, eta Bilboko Errekalde Aretorako 450.000 euroko partidaren barruan, kultur gune horren birmoldaketea amaitzea aurreikusten da, Iparragirre kalera zabaltzeko. BOSek, barriz, 5,7 milioi euro jasoko ditu.

Kirol arloari jagokonez, Foru Aldundiak kirol-instalazinoak “erabilera eta erabiltzaile barrietara” egokitzeko “ahalegina” egingo dau, 6,6 milioiko partideagaz. Dana dala, kirol arloan kontsignautako 14 milioietatik partida handiena jarduera federauak jasoko dituan 6 milioiei jagokena izango da.

Batzar Nagusietako taldeei erantzuteko txandan, Bilbaok nabarmendu dauenez, Molinos Vascos eraikina birgaitzeko proiektua “egiten ari da”, eta eraikinaren jaubeak Udalagaz eta Aldundiagaz harremanetan jarri dira aholkularitzea jasoteko. “Bere eretxiz”, higiezina 2023an sartu ahal izango da bere narriadureari konponbidea emoteko bidean eta, hori dala eta, “200.000 euroko” partidea erreserbau da, baina ez da baztertzen kopuru hori “aparteko” ekarpen gehigarri bategaz handitu ahal izatea, beharrezkoa bada.


TERESA LAESPADAREN AGERRALDIA

2023ko kontuak azaltzeko saioak arratsaldean itxi dira, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatuaren agerraldiagaz. Bere sailak 76,4 milioi euro izango ditu gobernu-ekintzak aurrera aterateko, hau da, % 5,6 gehiago.

30 milioitik gora gizarte-bazterkeriaren kontra burrukatzeko ekimenetarako izango dira, legegintzaldia hasi zanetik “% 22” hazi diran programetarako. Gizarte Inklusinorako programaren ia erdia egoitza-zerbitzuak eta eguneko arretarako zentroak mantenidutera edo indartzera bideratuko da. Gizarte-bazterkeriaren kontra burrukatzeko 25 zentro dira, eta 14 milioi euro hartuko ditue. Beste 6 milioi bazterkeria-arazoak dituen gazteei arretea emoteko zerbitzua finkatzeko izango dira. Programa horren barruan, prestazino “berezia” be sortuko da, saileko lan-prozesu batean egonda, BGDS edo DSBE kobretan ez daben personentzat.

Beste helburu handietako bat kalteberatasun-egoeran dagozan emakumeen babesa handitzea izango da. 600.000 euro gehiago egongo dira hareen arreta psikologikoa indartzeko. Atal honetan, Sexu Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emoteko Zentroa sortzeko zenbateko ekonomikoa jasoten da.

Sailaren lehentasunetako bat enpleo- eta ekintzailetza-programak indartzea izango da. Programa horreen aurrekontua % 23 handitu da (4 milioi gehiago). Esleitutako ia 30 milioi euroakaz Aldundiak enpleoa, ekintzailetzea eta prestakuntzea sustatzeko programak gauzatuko ditu.

Legegintzaldian gehien hazi dan programea Emakumeen eta Gizonen Bardintasunari jagokona da, “% 84”, hain zuzen be. Beharginen gastuak alde batera itxita, 3,2 milioi euro gordeko dira. 2023an be “ikusgaitasuna handitzeko inbertiduten jarraituko da”. Adibide lez, urtarrilean Emakumeak izeneko Kongresua egin izana nabarmendu dau Laespadak.

Eta, azkenik, Bizkaiko Aldundiak ahalegina egingo dau Garapenerako Lankidetzarako partidak handitzeko. 11.204.000 euroko partidea esleitu da, % 7,58 gehiago. Ahalegin horri esker, Aldundiak “100 lankidetza proiektu” lagunduko ditu datorren urtean. Gaur egun, kudeaketa propioko aurrekontu osoaren “% 0,57aren” helburua programa solidario hori da.