BILBAO FORMARTEK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN EGINGO DAUEN ERAKUSKETEAGAZ OSPATUKO DITU BERE 10 URTEAK

  • “10 urte aurreraka” da aniztasun funtzionala daben 16 artistaren apustua, eta zezeilaren 2ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 8:00etara, astelehenetik barikura. 

 

(Bilbon, 2023ko abenduaren 20an). Aniztasun funtzional psikikoa edo intelektuala daben personei zuzendutako arte-sorkuntzarako Bilbao FormArte guneak hamar urteko ibilbidea ospatzeko erakusketea aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. “10 urte aurreraka” erakusketeak 16 artistaren lanak jasoten ditu, eta bertan talde horren sormen prozesua ikusi ahal izango dabe ikusleek. Erakusketea zezeilaren 2ra arte egongo da zabalik, goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak arte, astelehenetik barikura. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo) Adrian Alexandrov, Claudia Aguinaga, Irune Arezes, Jonathan Castro, Miguel Cordero, Daniel Esteves, Sonia Fernández, Marisa González, Josu Irigaray, Eider Martín, Gorka Pérez, Mercedes Ruiz, Miren Santiago, Irene Santos, Inés Subijana eta Leire Zelaiaren lanak ikusi ahal izango dira. 

Batzar Nagusietako egoitzak aurton hartuko dauen azken erakusketa horren aurkezpenean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mahaiko kideak egon dira hamargarren urteurrena beteten dauen Bilbao FormArteko artista-taldea babesten. Otaduik zorionak emon deutsez FormArteko artistei, “oztopoak apurtzeagaitik” eta erakusketa horren bidez “zuen bizitzaren aberastasuna eta aniztasuna artearen bidez adierazoteagaitik eta daukazuen gaitasun eta balio handia erakusteagaitik”. “Sentimentu handiko artelanak dira eta gogo handia adierazoten dabe”, azpimarratu dau. 

Bilbao FormArte eskolea dimentsino anitzeko proiektua da, bertan hezkuntzeagaz eta enpleoagaz erlazionautako alderdiak arteakaz eta kultureagaz erlazionautako alderdiakaz konbinetan dira, garapen pertsonalerako eta parte-hartze eta interakzino sozialerako bitarteko lez. Horregaitik, aspaldidanik, Bilbao FormArtek oztoporik bako sorkuntza artistikorako gunea sortzeko idea garatzen dau, kolektibo horretako personei gizarteratzeko beste aukera bat emoteko.