ZABALDU DA 2023KO AURREKONTUEN PROIEKTUARI ALEGAZINOAK AURKEZTEKO EPEA

(Bilbon, 2022ko zemendiaren 2an). Herritarrek hamar eguneko epea izango dabe gaurtik aurrera 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuari alegazinoak aurkezteko. Datorren zapatura, zemendiaren 12ra, arte edozein personak, alkartek edo gizarte, ekonomia edo kultur arloko erakundek parte hartu ahal izango dau aurrekontuen izapidetzean, Bizkaiko Batzar Nagusien webgunean, foru-arauaren proiektuaren eduki osoagaz batera, daborduko dagon inprimaki baten bidez. 

Datorren urteko Foru-kontuen inguruan eretxia emoteko herritarren txandea amaituta, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza daukien talde guztiei helduarazoko jakez alegazinoak, eta Batzar Nagusietako Mahaiari be emongo jako horreen barri. Aldundiko sail bakotxeko arduradunek aurrekontu-proiektua aztertzeko eta azaltzeko daukien denporea (zemendiaren 8tik 11ra) amaituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek zuzenketak aurkezteko eta ostean eztabaidatzeko epea edegiko dabe. Ondo iruditu ezkero, une horretan Batzar Nagusietako taldeek herritarren alegazinoak sartu ahal izango ditue.

Zuzenketa-eskeen aldia itxi ondoren –seguruenik zemendiaren 30ean–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori, seguruenik, abenduaren 13an egingo da. Osoko horren ostean, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halan bajagoko. Eta Batzar Nagusietako tramitea hilebete horren amaieran bukatuko litzateke -seguruenik abenduaren 28ean-, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.